Prentsa oharra

  • Eraikuntza podcastan Euskadiko garapenerako GKE-ek biltzen dituzte herritarren eta erakundeen lekukotzak, proposamenak eta konpromisoak, COVID-19aren ostean irtenbidearen parte izateko.
  • Ekimen berritzaile horrek hausnarketa bultzatu nahi du herritarren artean hauei buruz: solidaritatearen eta norbanako ekintzen eta ekintza kolektiboaren garrantzia, eta krisi hau baliatzea gizarte bidezkoago eta solidarioago baten oinarriak ezartzeko.
  • Hirugarren atal honetan, berreraikitze hori nola egin daitekeen mahairatzen dute, baita zein aliantzarekin eta eragilerekin egin ere.

Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak, nazioarteko lankidetzan lan egiten duten 79 euskal GKE biltzen dituen sareak, plazaratu du Eraikuntza podcastaren hirugarren atala. Guztira lau soinu-atal dira, eta egungo pandemiaren, ondorioei eta irtenbideei buruzko hainbat gai jorratzen dituzte.

“Gure kaleetan barrena ibili gara, jendearekin eta erakunde sozialekin eseri eta hitz egiteko, euren istorioak eta egungo egoerari buruz dituzten iritziak, bizipenak, beldurrak eta proposamenak ezagutzeko”, azaldu du kolektiboak. Lan honen helburua da era guztietako ideiak eta iradokizunak biltzea, gure gizartea berriro sortzeko indarra izan dezagun. “Berreraikitze hori hainbat baliotan oinarrituko da, besteak beste, lankidetzan, sormenean, solidaritatean, konpromisoan eta denon ongizatean. Entzuten jakiteko eta ekarpenak egiteko unea da”, adierazi dute.

“Proposamen berritzaile honen bidez, hausnarketa bat sortu nahi dugu herritarrengan, pertsona bakoitza irtenbidearen parte izateaz, eta ekiten hasteko garrantziaz, nork bere aukeren arabera eta bere eremu indibidual eta toki-eremutik, kolektibora eta orokorrera iritsi ahal izateko”, azpimarratu dute.} “Herritar arduratsuak, kontzientziadunak eta kritikoak sortzen lagundu nahi dugu, baita euren ordezkari politikoekin zorrotzak izango diren herritarrak ere, politika solidarioak eta bidezkoak defini ditzaten, are gehiago, une hauetan”, argitu dute.

Berreraikitzea lau ataletan

Lehenengo atalak Zein mundu eraiki nahi dugu COVID-19aren krisiaren ostean? du izena eta pandemia amaitzen denerako herritarren amets eta nahiak biltzen dituen soinu-muntaketa atsegina da. Bigarren atala, Zer balio behar ditugu? du izenburutzat, eta bertan herritarrek egungo krisiaren osteko gizarte berriaren oinarria osatzen duten balioen errepasoa egiten du.

Berriki argitaratutako hirugarren kapituluan, Norekin berreraiki behar dugu gizartea? izenburua duena, jorratzen dira erronka horretan inplikatua dauden aliantzak eta eragileak. “Beharrezkoa da bat egitea hamaika urtez lanean ari diren gizarte mugimenduekin (besteak beste garapenerako GKEak, feminismoa edota arrazakeriaren kontrakoa elkarteak). Gizartea eraldatzea da haien helburua, kolektiboan oinarrituta, betiere pertsona guztientzat eta leku orotan bidezkoagoa den beste mundu bat lortzeko, are gehiago pandemia-osteko egoera honetan”, diote zenbait ahotsek grabazioan. “Baina ezin dugu ahaztu eraldaketarako benetako indarra gizartean eta ekintza indibidualetan dagoela. Jendarteak, bere osotasunean, izan behar du irtenbideen protagonista, ez ikusle hutsa”, gogoratu dute zenbait herritarren ahotsek.

“Gure inguruan grabatutako lekukotzak dira. Gure gizartearen aniztasuna islatzen dute, baina katarsi hori gizarte berri baten oinarriak finkatzeko baliatzeko beharra partekatzen dute. Garapen-eredu berri bat da, eta, bertan, hutsala eta azalekoa baztertu eta mundu hobea eraiki behar dugu, pertsona guztientzat eta leku guztietan, inor bazter utzi gabe”, baieztatu dute.

Jakinarazi dute, gainera, hurrengo asteetan beste atal batzuk plazaratuko dituztela, esate baterako herritarrek euren gain hartu behar dituzten konpromiso indibidualak desiratzen ditugun aldaketa global horiei laguntzeko. Eraikuntza podcastaren lehenengo hiru atalak entzun daitezke Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundearen Ivoox kanalean: https://cutt.ly/GhHVeed