Prentsa oharra

Hasteko, argi utzi nahi dugu herri honetan bi alditan hautu bat egin dela: desanexioarena, hain zuzen. Eta hori ez dela errespetatua izan.

Hala ere, aldi berean, Herri Kontseilua beti egon da prest Igeldorentzat onurak izango diren proposamen guztiak aztertzeko. Egon diren beste saiakerek erakusten duten bezala, Igeldoko Herri Kontseiluaren jarrera ez da inoiz izan oztopo horrelako prozesuak aurrera eramateko orduan. Eta orain ere Herri Kontseilua, herritarren babesarekin eta partehartzearekin, horretan ari da.

Eneko Goia alkate zela, 2020an, Donostiako Udalak proposamena egin zigun Tokiko Entitate Txikia lantzeko eta ordutik elkarlanean ari gara.

2020ko urrian lantalde bat osatu genuen Udal ordezkariekin batera. Herri Kontseiluko 5 kide, Udaleko alderdi guztietako ordezkari bana, Partaidetza saileko teknikariak eta Siadeco enpresako teknikariak egon gara lantalde horretan.

Bost bilera egin ditugu eta Igeldoko Tokiko Entitate Txikia eratzeko prozedura zehaztu dugu denon artean. Txosten bat prestatu dugu eta txosten hori astearteko Gobernu Batzordeak onartu zuen. Hori horrela, onartuta geratu da prozedura abiatzea eta beste lantalde bat osatzea prozesu guztia aurrera eramateko. Orain, behin betiko onarpena eman beharko dio Donostiako Udalbatzak.

Lantalde horretan Igeldoko 5 ordezkari egongo gara, Donostiako Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkari bana eta Eneko Goia alkatea presidente gisa. 11 kide izango gara.

Prozesu honetan zehaztu beharko dugu nolako Entitate Txikia nahi dugun Igeldorako. Ze eskumen, ze ondare eta ze aurrekontu. Esan bezala, guretzat tresna baliagarria izan daiteke Igeldoren egoera hobetzeko eta igeldotarron beharrak hobeto asetzeko, baina dena negoziatzeko dago. Beraz, Donostiako Udalaren jarrera oso garrantzitsua izango da. Udalak igeldotarron arazoak benetan konpontzeko agertzen duen borondateak baldintzatuko du prozesua. Eta noski, guretzako, adostutako Tokiko Entitate Txiki horren inguruan, azkeneko hitza Igeldoko herritarrek izango dute.

Orain arte emandako pausuetan, alderdi guztiek azaldutako jarrera oso positiboa izan da eta pozten gara.  Espero dugu aurrerantzean  ere halaxe jarraitzea.

Igeldoko Herri Kontseilua