Prentsa oharra

Joan den apirilaren 14an, EH Bilduk publikoki proposatu zion Donostiako Udalari 1931ko maiatzaren 27an Guardia Zibilak Ategorrietan hil zituen 7 herritarrei aitortzeko ekitaldi bat antolatzea. Proposamena zegokion Udal Batzordera eraman genuen, baina Udal Gobernuak ez zuen inolako konpromisorik hartu eta, orain arte, ez du inolako baloraziorik egin.

Aldiz, egiaztatu ahal izan dugu EH Bilduren proposamenak harrera ona izan duela donostiarren artean. Izan ere, jende askok esan digu ez zuela gertaera honen berririk, nahiz eta Euskal Herriko langile-sarraski handienetako bat izan. Are gehiago, sarraskiaren biktimen senitartekoren bat harremanetan jarri da udal talde honekin, Udalak zerbait egingo ote duen jakiteko.

EH Bilduren iritziz, Ategorrietako sarraskiaren 90. urteurrena une ezin hobea da biktima hauei merezi duten aitortza-ekitaldia egiteko. Eta, bide batez, gogoratzeko Pasaiako portuko langile haiek euren lan-baldintza txarren aurka borrokatzen ari zirela. Ildo horretatik, Udal Gobernuari proposatzen genion, oroitzapen-ekitaldi honen bidez, Donostian eta Donostialdean hamarkadetan zehar garatu diren langileen borrokak ere aintzat hartzea eta balioan jartzea. Izan ere, borroka sindikal eta sozial horiek gabe, eta gaur egun egiten direnak gabe, ezin izango genuke dugun babes sozialaren mailaz eta dauzkagun lan-eskubideez hitz egin.

Gure hiriaren historiaren zati bat da hori guztia. Baina jakin badakigu sektore zehatz batzuen aldetik Ategorrietako sarraskia eta, orokorrean, langile mugimenduaren borroka hiri honen kontakizunetik baztertu nahi dutela. Sektore horiek dira, hain zuzen, hiri zentralista eta elitistaren ereduaren defendatzaile nagusiak. Horien arabera, Donostiako aberastasun-iturri nagusia estatus altuko turismo-eredua eta espekulazio urbanistikoa izan dira eta dira. Aitzitik, langile borrokak izan dira – eta dira oraindik ere – Donostiako hiri nortasunaren ezaugarri nagusietako bat, eta Donostian, Gipuzkoan eta Euskal Herrian dugun bizimodua lortu izanaren arrazoi nagusietakoa.

Helburu horrekin, eta Udal Gobernu honek zer egingo duenaren zain egon gabe, EH Bildu taldeak dibulgazio, oroitzapen eta omenaldi ekitaldiak antolatu ditu.

Programatutako ekitaldiak
“Ategorrietako sarraskia: Herri iragan desorosoa / 90 aniversario de la masacre de Ategorrieta: Un pasado incomodo” izenburupean, eta Josetxo Otegiren eskutik, EH Bilduk bi hitzaldi antolatu ditu gertaera ezezagun honen inguruan.

Lehen hitzordua Altzan izango da, datorren astelehenean, maiatzaren 10ean, Tomasene Kultur Etxean, 19:00etan. Eta bigarrena maiatzaren 26an izango da, sarraskiaren bezperan, Parte Zaharreko San Jeronimo kaleko Kriptan, 19:00etan.

Maiatzaren 27an bertan, EH Bilduk gertakari dramatiko honen biktimei omenaldia egingo die, Ategorrietan, ekitaldi xume baten bidez. Eta maiatzaren 30an “Ekialdean bizi eta lan. Acabemos con las desigualdades entre barrios” lemapean egingo dugun Hiri Martxan, Ategorrietako sarraskiaren biktimak aitortzeko keinuren bat egitea ere aurreikusi dugu.


Ategorrietako sarraskia
Pasaiako gatazkaren hasiera ez da oso argia, baina jada 1931ko apirilaren 19an “El Día” egunkari nazionalistan, arrantzaleek haien aldarrikapenak zehazten zituzten: deskantsurako egunak, soldatak eta portuko langileen baldintzak hobetzea. Maiatzean zehar hainbat greba deialdi eta gatazka izan ziren. Ekintzaz eta tentsioz beteriko egunak izan ziren, lan baldintzen eskaerek eta negoziaketek ez aurrera ez atzera jarraitzen zutelako, eta arrantzaleen grebak aurrera ziraun.

Maiatzaren 27an, 10:00etan abiatu zen Trintxerpetik Donostiara 4.000 pertsona inguruko manifestazioa. Leloak honakoak ziren: “Queremos pan para nuestros hijos” eta “Libertad para nuestros compañeros”. Aldasoro Gobernadore zibilak ez zuen manifestazioa baimendu eta hura gelditzeko asmoz armada eta segurtasun-indarrak deitu zituen.

Mirakruz Gainan, armadaren destakamentu bat topatu zuten eta manifestariek jakinarazi zieten modu baketsuan zetozela. Soldaduek pasatzen utzi baina, ohartarazi zieten Guardia Zibila aurrerago zegoela. Ategorrietara iristean, Guardia Zibilak pare bat abisu eman zuen, baina manifestazioak jarraitzeko asmo osoa zuen.

Erantzuna, tirokatzen hastea izan zen. Sarraskia itzela izan zen eta inguruko bizilagun guztiak zaurituak artatzen hasi ziren etxeetako atarietan eta kotxe partikularretan zein gerora iritsitako anbulantzietan eraman zituzten ospitalera, sorospen etxeetara, eta abar.

Hildako eta zaurituen zenbaketa ez da zehatza oraindik, baina jasotako datuen arabera egun hartako erasoan, Guardia Zibilak 7 langile hil eta 30 baino gehiago zauritu zituen.