Prentsa oharra

Ehunka katuarrain Pasaian bota izana salatuko du Eguzkik. Ontziren batetik arrantzatu ondoren, neurri egokirik ez zutelako edo interes komertzial handirik ez zutelako, berriz uretaratu dituzte, hilik baina. Legez kanpoko praktika bat da; beraz, zigorgarria.

Katuarrainok Buceo Donostiko kideek aurkitu dituzte portuko bukalean ari zirenean. Azaldu dutenez, bazeramatzaten egun batzuk hondoa “marrazo” txiki horien gorpuekin estalita ikusten, eta atzo, sarraskiari neurria hartu nahian, biltzen hasi ziren. Hamar minututan 100 ale baino gehiago bildu zituzten. Horren lekuko dira argazkiak. “Eta askoz gehiago geratzen dira!”, gaineratu dute.