Prentsa oharra

“Euskotrenen Donostiako lanen jarraipena egiteko batzorde ez-iraunkorra» biltzeko eskatu du EH Bilduk. Esan beharra dago batzorde hau ez dela bildu azaroaren 23tik, EH Bilduk egindako eskaera baten ondorioz, hau da, ia 6 hilabete daramatza bilerarik egin gabe, bi hilabetean behin biltzeko betebeharra duenean. Eta kontuan hartzen baditugu obra honek izan dituen gorabeherak, azkena – guk dakigula – pasa den ostiralean, maiatzaren 7an, are salagarriagoa da udal batzorde hau bildu ez izana. Izan ere, batzorde hau bildu denean EH Bilduk eskatuta izan da; baita uztailean ere lehen zuloa agertu ondoren. Batzorde hau ofizioz ez deitzearen atzean arrazoi bakarra dago: ahalik eta informazio gutxien emateko erabaki politikoa hartu izana EAJk eta PSEk, bai Eusko Jaurlaritzan bai eta Donostiako Udalean ere.

Hirugarren zuloaren ondoren, gainera, jauzi bat eman dute iluntasunaren politika honetan. Lehen eta bigarren zuloarekin ez bezala, oraingoan, Udalak ez du honi buruzko komunikaziorik egin, eta ETSk soilik ohar bat argitaratu zuen EH Bilduk zuloaren berri eman ondoren. Beste kasuetan “ezusteko”, “susto” edo “istripu tekniko” hitzak erabili bazituzten ere, oraingoan normaltasunaren itxura eman nahi izan dute. Are gehiago, Udalak kabinak itxita
zeudela “matxura” batengatik iragarri zuen bere sare sozialetan eta bertan jarritako kartel batean.

Baina ez, beste zulo BAT agertzea ezin da normaltzat hartu. Erakunde publikoek ezin dute normaltzat jo hirigunean, jendea bizi den eraikinen azpian edo erabilera publikoko azpiegitura baten azpian zuloak agertzea. EH Bilduk ez du hau onartuko, ez dugu beste alde batetara begiratuko. EAJ-PSEk argitu behar dute zenbat zulo egon daitezkeen gaur egun
inguru horretan, eta zer egiteko asmoa duten, orain arte egindakoaz gain, langileen eta bizilagunen segurtasuna bermatzeko.

Ildo beretik, ETSk azaldu behar du zergatik ez diren amaitu inguru hori aseguratzeko abuztuan hasitako lanak. Izan ere, lehenengo zuloa agertu ondoren, ETSk iragarri zuen eremua ziurtatzeko “esne injekzio” esku-hartze bat egin behar zela, 3 hilabete beharko zituena. Horrela, abuztu hasieran Kontxako arkupetako zati bat itxi eta obrak hasi ziren. Esku hartzeak 10 hilabete daramatza eta oraindik ez da bukatu. ETSk ez du azalpenik eman epeak (eta kostuak) zergatik hirukoiztu diren, eta ez du informatu ea atzerapena eragin duten zailtasun berriak zeintzuk izan diren.