Prentsa oharra

Sariak 7.000 euro ematen dizkio, filmatu zen tokiko hiri balioak, balio naturalak, kultura balioak eta balio sozialak hobekien islatzen dituen film luzearen ekoiztetxeari, eta 3.000 euro, berriz, filmaketan laguntza eman duen Film Commission-ari. Saria irailaren 24an emango da, 2021eko Donostiako Zinema Jaialdia ospatzen den egunen barnean, eta sari horretarako hautagaitzak ekoizleek edo haien legezko ordezkariek gauzatu behar dituzte, ekainaren 30a baino lehen.

Harkaitz Millan Kultura diputatuak azpimarratu duenez, “Film Commission-en papera funtsezkoa da filmaketak erakartzeko eta produktoreek bete behar dituzten izapideak errazteko. Ikus-entzunezko proiektuen bidez, grabaketak egiten diren lurraldeetako kapital sozial, paisajistiko, natural eta kulturalari balioa ematen zaio . Ekoiztetxeak eta Film Commission-ak animatzen ditugu beren filmak aurkeztera, saria jasotzeko aukera izan dezaten. Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak, Marisol Garmendiak, hau adierazi zuen: “Sari honi heldu diogu berriro ere, uste dugulako tresna egokia dela hirietan eta herrietan filmaturiko ikus-entzunezko proiektuen garrantziari balioa emateko. Sektoreak eragin ekonomiko positiboa du garatzen den tokietan, eta enplegu sorrera eragiten du. Gainera, Film Commission-en lana
aitortzen du sariak, izan ere, Film Commission horiek beren lurraldeetara filmaketak erakartzeko eta babesa emateko ahaleginak egiten dituzte”.

Sari honek bere hamargarren edizioa betetzen du aurten, eta helburu du ikus-entzunezkoen ekoiztetxeen lana aitortzea. Ekoiztetxe horiek, izan ere, beren filmaketekin negozio aukerak eta enplegua sortzen dituzte agertoki bihurtzen diren hirietan. Ikus-entzunezkoen industria hiriaren eta Gipuzkoako lurraldearen eragile ekonomiko gisa sustatzen duen estrategiaren barnean kokatzen da jarduera hau. Estrategia hori bultzatzen dute Donostia Sustapenak, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren barneko garapen ekonomikorako udal sozietateak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak.

Fikziozko film luzeen proposamenak Donostia – Gipuzkoa Film Commission Sarira aurkez ditzakete baldintza hauek betetzen dituzten ekoiztetxe nazionalek:

• Beraien produkzioen edo koprodukzioen zati bat nazio lurraldean garatu duten ekoiztetxe nazionalak izatea.
• Estatuko Film Commission batek egiaztaturiko lankidetza eduki izana.
• Ekoiztetxe bakoitzak gehienez bi film luze aurkeztu ahal izango ditu (gutxienez 60 minutuko iraupenarekin)
• 2019ko urriaren 1etik aurrera areto komertzialetan estreinatutako eta/edo zinema jaialdietan aurkeztutako film luzeak aurkeztu ahal izango dira, edo oraindik estreinatu gabekoak baina 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera ekoiztu direnak.

Interesa duten ekoiztetxeek sariari buruzko informazioa eska dezakete, edo kontsultak egin, posta
elektroniko honen bidez: info_filmcommission@donostia.eus
Sariaren oinarriak webean kontsulta daitezke: http://www.sansebastian-gipuzkoafilmcommission.eus/


Izena emateko epea 2021eko ekainaren 30ean amaitzen da.
Epaimahaia osatuko dute hirien hiri balioekin, paisaia balioekin, kultura balioekin eta balio sozialekin loturiko esparruren batean edo batzuetan aitorturiko esperientzia duten pertsonek; pertsona horiek esperientzia izango dute ikus-entzunezkoen sektorean ere. Saria sortzean, helburua izan zen zinemak hiriak sustatzeko orduan duen garrantziari balioa ematea, ikus-entzunezkoen industriaren zerbitzura dagoen agertoki gisa, horrek dakartzan etekin ekonomikoekin eta turismo arlokoekin. Hori horrela, hirien eta eskualdeen balio naturalak, hiri balioak, balio sozialak eta kultura balioak film luzeetan islatzeko ahalegina saritzen da, hiri eta eskualde horietara produkzio gehiago erakartzen laguntzen baitute.

Aurreko edizioan, 2019koan, pelikula irabazlea izan zen ‘O que arde’ deitua, Oliver Laxe zuzendariarena. Asturias Paraíso Natural Film Commission-en lankidetzarekin filmatu zen. Pelikula aukeratu zuen epaimahaia Fernando Guillén Cuervo, Nerea Barros, Yolanda Flores, Cristina Iglesias eta Ouka Leele-k osatu zuten, eta saria eman zioten, 19 pelikula parte-hartzaileen artean, filmatu zen tokiko balioak hobekien islatzen zituena zelako.

Donostia – Gipuzkoa Film Commission 2018ko martxoan sortu zen, eta erronka nagusia zuen Donostia eta Gipuzkoako lurralde osoa sustatzea, filmaketak egiteko kokapen ezin hobe gisa, nazioko eta nazioarteko ikus-entzunezkoen industriaren esparruan, xede izanik tokiko ikusentzunezkoen sektorea eta sektore digitala zabaltzea eta garatzea.