Prentsa oharra

Zuzendari georgiarra ekainaren 7ra arte egongo da Donostian bere hurrengo film luzea prestatzeko

Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak egindako gonbidapen hau talentuari laguntzeko hiru erakundeek partekatutako programa estrategikoaren, urte osoko Zinemaldiaren (Z365) eta zinemaren pedagogien barruan kokatzen da

Zuzendari onenaren, emakumezko aktore onenaren eta gidoi onenaren sariak irabazi zituen zinemagileak ‘Dasatskisi / Beginning’ film luzea aurkeztuko du eta bere sormen prozesua partekatuko du Kontatutako Zinea saioan.

Dea Kulumbegashvili, Dasatskisi / Beginning (2020) filmagatik Donostia Zinemaldiko Urrezko maskorra irabazi zuen zinegilea, Donostiara itzuli da Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan egonaldi artistiko bat egiteko. Georgiako zinema zuzendaria Tabakalerako Artisten Gunean ari da bere hurrengo film luzea prestatzen.

Azken urteotan, Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak zinema-munduko eta ikus-entzunezkoen eremuan sortzen ari diren talentu berriei laguntzeko ildo estrategiko bat garatu dute. Horren erakusgarri dira: Ikusmira Berriak, Noka eta 2deo serieak deialdiak, esaterako. Kulumbegashviliri eginiko gonbidapen hau sorkuntza zinematografikoari laguntza integrala emateko lan-prozesu beraren barruan kokatzen da: jomuga ez da filmak behin egin ondoren Zinemaldira iristea, baizik eta gauzatu baina lehenagotik haien sorkuntza prozesuak bultzatzea, garapenerako espazioa, denbora eta baliabide profesionalak eskainiz.

Egonaldia ekainaren 7ra arte luzatuko da, eta herritarrei irekitako jarduera-programa publiko batekin osatuko da:

Maiatzaren 31n, 18.00etan, Dasatskisi / Beginning (2020) proiektatuko da Tabakalerako zinema aretoan, Zinemaldia + Plus fokuaren barruan, Donostia Zinemaldiak eta zuzendariak berak aurkeztuta.

Eta hurrengo egunean, ekainaren 1ean, asteartean, arratsaldeko 19.00etan, Kontatutako Zineaemanaldia egingo da Tabakalerako zine-areto nagusian eta zuzendariak pelikula honen eta bere hurrengo proiektuaren sortze prozesua azalduko ditu bertan.