Prentsa oharra

Birziklatzearen Munduko Egunarekin bat eginez, ezkerreko koalizioak materialen murrizketa eta berrerabilpena areagotzeko neurri eraginkorrak eskatu zituen atzo Donostiako Udaleko Lurralde garapen eta Planifikazio batzordean. Udal gobernuak arlo horretan egindako aurrerapenak “argi eta garbi eskasak” direla uste du.

Haizea Garayk, Elkarrekin Donostia udal taldeko zinegotziak (Podemosek, Ezker Anitza-IUk eta Equo-Berdeakek osatua) Lurralde Garapen eta planifikazio Batzordean eskatu du ontzien gordailu eta itzulketa sistema bat ezartzeko hirian, hondakinen gaikako bilketaren tasak hobetzeko.

Elkarrekin Donostiak azaldu du Europar Batasunak ezarritako helburuen artean dagoela udal-hondakinak gutxienez % 55 murriztea 2025erako, eta Donostia oso urrun dagoela kopuru horretara iristetik. Garayk adierazi duenez, egungo birziklatze-datuak eta sortzen diren ontzien bolumena kontuan hartuta, “Irtenbideak bilatu behar dira gaikako bilketaren tasak, birziklapena eta sortzen diren hondakinen murrizketa handitzeko, klima larrialdien erronkari erantzuteko”.
Zinegotziak gogorarazi du udalak ekonomia zirkularraren arloan egindako klima larrialdietako Adierazpenean honako helburu hauek ezarri zirela: 2025ean gaikako bilketa % 64ra iristea; hondakinen sorrera % 10 murriztea 2010eko guztizkoaren gainean; eta plastikoaren erabilera modu erabakigarrian murriztea. Hala ere, “Larrialdi klimatiko egoeran, sortzen diren hondakinak behar bezala kudeatzeko, neurri handiagoak hartu behar dira, eta ingurumen politika konprometituagoak”, gaineratu du Garayk.

Hori dela eta, atzo, Elkarrekin taldeak ontziak kudeatzeko sistema hori ezartzeko proposamena helarazi zuen, eta, Ekologia zinegotziak harrera ona egin arren, koalizioak neurriak hartzeari eutsiko dio; izan ere, taldeak adierazi duen bezala, ontzien gordailu eta itzulketa sistema hau (GIIS) aurreko legealdian Irabazi Donostiatik (Ezker Anitza-IUk eta Equo-Berdeakek osatua) proposatu zen, zehazki 2016ko hasieratik, baina “bost urte igaro dira proposamena egin zenetik, eta ordutik ez da ezer egin”. Garayren hitzetan, “izan ere, azken bi legealdietan ez da aurrerapauso nabarmenik eman. Hitz onez betetzen dute ahoa, baina jarduteko orduan ikusten ditugu neurriak berandu iristen direla eta galeriara ere begira direla eragin oso mugatua izateaz gain”.

Ezkerreko koalizioaren arabera, “ezinbestekoa da hondakinak murrizteko pausoak ematea, hondakinak ahalik eta gehien berreskuratzea eta herritarrak eta merkataritza- eta ekonomia-eragileak sentsibilizatzea, kutsadura prebenitzeko eta baliabideak agortzea eta klima-aldaketa saihesteko helburuetan aurrera egiten laguntzeko, banaketa eta kontsumo arduratsua sustatuz”. Hori dela eta, Garayk eztabaida zabaltzea proposatu du, gehien kontsumitzen diren edarien ontzietarako sistema orokor gisa itzulera-sistema proposatzeko, eta, aldi berean, ontzi berrerabilgarriak eta hondakinak murrizteko neurriak sustatzeko.

Gobernuak atzo emandako erantzuna izan da “oso politika interesgarriak” direla eta “aztertu” egin behar dituztela, baina errealitate hori Europako hainbat hiritan zabaldu da, Garayk gogorarazi duenez. Zehazki, arrakastaz funtzionatzen ari da munduko 40 herrialde eta eskualde baino gehiagotan (besteak beste, Alemanian eta Danimarkan), eta ezarri ondoren emandako datuek sistema horrek ekarri dituen onurei buruz hitz egiten dute: Bilketa-ontzi bidezko kudeaketa-sistema integratua (KSI) baino % 60 merkeagoa da; ez du konplikazio teknikorik; birziklatutakoaren % 100 bideragarria eta erabilgarria da, besteak beste. Itzultzeko botilen % 10eko igoerak % 40 murriztuko luke plastikozko botilen bidezko itsas kutsadura, eta, ontziak murriztu eta berrerabiltzeaz gain, enplegua sortzen du eta tokiko merkataritza dinamizatzen du. “Munduko klima larrialdiko egoera dela eta, ezinbestekoa deritzogu horrelako proposamen alternatiboak planteatzea, hondakinen gaikako bilketaren tasak hobetzeko eta, aldi berean, herritarren ongizatea eta osasuna hobetzeko, bai eta ingurumena zaintzeko ere”, adierazi du Garayk.