Prentsa oharra

Garbiñe Alkizak ETS-ri: “Orain arte egindako azterlanak ez badira gai izan horrelako zulo bat detektatzeko, nola esan dezakezue lanak ekainean hasiko direla, ezer gertatuko ez balitz bezala?”

ETSk 17 egun behar izan ditu EH Bilduk hasiera-hasieratik salatu zuena baieztatzeko: orain arte agertu den zulo handienaren aurrean gaudela (138 m³ bolumena du; aurrekoak, 20-30 m³). Handiagoa eta, beraz, arriskutsuagoa izan arren, edo horrexegatik, hain zuzen ere, kasu honetan Administrazio Publikoek inoiz baino informazio gutxiago eman diete herritarrei, eta eman dutenean, gainera, egia erdiak eta gezurrak esan dituzte.

Ernesto Martínez de Cabredok defendatu du ETSk hartutako jarrera, baina Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak erantzun dio hori ez dela beti horrela, nahi dutenean sekulako ekimen mediatikoak muntatzen dituztelako, adibidez, azken zulo hau agertu baino hiru egun lehenago Benta Berriko geltokiaren barruan Iñaki Arriola Garraio sailburuak
egindako prentsaurrekoa.

Donostiako alkatea den Eneko Goiak, berriz, gaur erabaki du ETSren obren jarraipenerako batzordean ez agertzea. Bere agintaldiko obra publikorik handiena izan arren, zulo berriaren tamaina eta larritasuna handiagoa izan arren, eta aurreko egunetan prentsan botatako faltsukeriak gorabehera, alkateak autokritika egiteko eta gardentasunez jokatzen hasteko eta herritarrei egia esateko aukera galdu du gaurkoan. Gainera, ETSren Batzordea bildu zen azken aldian bai hartu zuen parte eta informazio guztia emateko konpromisoa hartu zuen. Oraingoan nahiago izan du bere bulegoan egotea, agerraldia egiten zen osoko bilkuren aretotik metro gutxira.

Garbiñe Alkizak salatu du onartezinak direla obra publiko bat kudeatzeko modu hauek. “Lehenik eta behin, zuloaren existentzia ezkutatu zenuten, eta, EH Bilduk publiko egin zuenean, garrantzia kentzen saiatu zarete, helburu garbi batekin: ezkutatzeko gaur gaurkoz ez dagoela lanarekin jarraitzeko segurtasun-berme nahikorik, eta badakizuelako benetako txapuza egiten ari zaretela”, adierazi du Alkizak.

Izan ere, behin eta berriz errepikatzen ari den sekuentzia baten aurrean gaude: zuloa agertu den bakoitzean dena kontrolatuta dagoela ziurtatu dute, baina ondorengo gertaerek justu kontrakoa utzi dute agerian. Gaurko Batzordean, urtebete baino gutxiagoan hirugarren aldiz, ETSk garrantzia kendu dio zuloak agertzeari. Lehen zuloaren
ondoren esan zuten eremuaren azterketa sakona egin zutela eta ez zutela ezer aurkitu.

Ondoren, azaroan, beste 20 m³-ko zulo bat agertu zen 10 metrotara eta orain beste bat, 6 aldiz handiagoa, eta 30 metrotara. Hauek horrela, Garbiñe Alkizak honako galdera hau egin die obraren arduradunei: “Orain arte egindako azterlanak ez badira gai izan horrelako zulo bat detektatzeko, nola ausartu zarete, ezer gertatuko ez balitz bezala, beste lizitazio bat lehiaketara ateratzera eta lanak ekainean hasiko direla adieraztera?”

EH Bilduk berriro eskatu du, herritarren eta langileen segurtasunagatik, obrak geldiaraztea Kontxako eremu osoaren azterketa sakona egin arte.