Prentsa oharra

Manuel Solorzano erizain eta Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialeko Historia Batzordeko arduradunak emango du webinarra, datorren asteazkenean, maiatzaren 26an, 17:00etan.

Webinarrean sartzeko, egin klik hemen

Donostian, 2021eko maiatzaren 24an.- Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak (COEGI) webinar hau programatu du maiatzaren 26an (asteazkena), 17:00etan: “Krimean zauritutako soldaduaren aingerua, Florence Nightingaleren bizitza”. Manuel Solorzano COEGIko Historia Batzordeko arduradunak emango du, Teams plataformaren bidez, eta, gainera, Elkargoak Florence Nightingaleren jaiotzaren berrehungarren urteurrena gogoratzeko prestatu duen zigilua aurkeztuko du.

Hitzaldi birtualean, Florence Nightingaleren bizitza ezagutuko dugu, bai Krimeako gerraren testuinguruan bai une baketsuetakoan, eta, horretarako, bere idazkietan, gutunetan eta dokumentuetan oinarrituko da Solorzano. “2020an, bere jaiotzaren berrehungarren urteurrena ospatu genuen, eta horrek gogorarazten digu erizain eta emakume polifazetiko honen datu, aipu eta ideia berriak aurkitzen ditugula beti, eta oraindik ere, ekarpen handia egiten diotela lanbideari”, azpimarratu du Solorzanok.

Bere ustez, Florence Nightingale “hezur-haragizko heroi bat” izan zen. Bere ‘botereak’, besteak beste, gaixoei eta babesgabeei laguntzeko interes handia, zainketak hobetzeko benetako borondatea eta ikasteko izugarrizko gogoa ziren. “Horiei esker, historia modernoko lehen erizaina izan zen, eta agerian utzi zuen –lehendabizi bere herrialdean eta gero mundu osoan– gaixoei eta zaurituei arreta ona emanez gero, hobeto eta azkarrago sendatzen direla”.

Webinarrean parte hartzen dutenek sakonago ezagutu ahalko dute bere prestakuntza, bere lana eta bere bizitza, eta ikusiko dute garrantzi handia dutela erizaintza modernoan. Manuel Solorzanok azpimarratu duenez, “merezi du bere bizitza kontatzea”, eta gogorarazi du erizainak beti egon direla lehen lerroan, bai gerran bai une baketsuetan, “eta funtsezkoak izan direla gure planetan bizi izan diren pandemietan”.

COEGIko Historia Batzordeko arduradunaren iritziz, garrantzitsua da erizainek bere lanbidearen historia ezagutzea, eta bi hitzetan definitu du: zaharra, emakumeak beti egon direlako gizakiaren biziraupenean haurrak, adinekoak, gaixoak, zaurituak eta abar zaintzen…); eta gaztea, XIX. mendera arte ez zegoelako lanbideari buruzko prestakuntza espezifikorik. “Prestakuntza, gaur egun, unibertsitate mailakoa da, eta hainbat eremutan aurkitzen dugu, hala nola eremu asistentzialean, ikerketan, kudeaketan, irakaskuntzan eta osasunerako hezkuntzan”.

Horri dagokionez, zera aldarrikatu du Solorzanok: “gure lanbidea ikusgarri egin behar dugu, pazienteen, familien eta komunitatearen zainketarekin lotutako lanbide garrantzitsuenetako bat baita”.

26 urte erizaintzaren historia ikertzen

Manuel Solorzanok erizaintzaren historiarekiko duen interesa 1995. urtean piztu zen, Donostiako liburutegietan. “Ez zegoen praktikanteei, erizainei eta abarrei buruzko libururik; El curandero Petriquillo besterik ez nuen aurkitu. Horregatik, pentsatu nuen ikertzeko eremu berri bat zegoela eta horri hel niezaiokeela”.

Hala ere, 1980tik txandatan lan egiteak zaildu egiten zuen horretarako denbora izatea: “Ahalik eta informazio gehien irakurtzen eta biltzen nuen”. Lanak ordutegi apur bat finkoagoa izateko aukera eman zionean, Solorzano arratsaldero joaten zen liburutegietara, bizpahiru orduz, informazioa bilatzera. “Dokumentuak, egunkariak eta aldizkariak aurkitzen hasi nintzen, eta horiek irakurri ostean, lehen lanak egiten saiatu nintzen. Gero jardunaldi eta kongresuetan parte hartzen hasi nintzen, eta 2003. urtean, nire hobby nagusi bilakatu zen. Orain arte ez naiz gelditu, eta espero dut zenbait urtez jarraitzea”, aurreratu du.