Prentsa oharra

Ez da ulertzen zergatik administrazio publikoak ez duen egiten obra publiko handietan kontrol estuagori.


Sare sozialetan azken orduetan zabaltzen ari den bezala, eta EH Bilduk konfirmatu ahal izan duenez, larunbat honetan, Abiadura Handiko Trena eraikitzeko ETS Donostian egiten ari den obretan lan-istripu kezkagarria egon zen. Antza denez, Construcciones Mariezcurrena kontratako bi goi-kargudun zauritu ziren, baina haien egoera ez omen da larria.

Atzo Ernesto Martínez de Cabredo ETSko zuzendari nagusia Donostiako udaletxean egon zen metroko lanen jarraipeni buruzko informazioa ematen eta ez zuen istripu honen berri eman. ETSk hartutako jarrera hau ez da berria: gogoratu behar da metroko obretako azken zuloa ere ez zutela publiko egin, Donostiako EH Bilduk salatu zuen arte. Atzo, hain zuzen, eztabaidagai nagusia izan zen Kontxa azpiko obren inguruko ETSren eta Udal Gobernuaren
isiltasuna, egia erdiak eta gezurrak.

Onartezina da Donostian egiten ari den obra guztietan gertatzen diren gorabehera guztiak nahita ezkutatzeko ETSk hartu duen erabakia, bai metro-pasantearen obretan, bai AHTren obretan. Atzoko batzordean argi geratu zen moduan, onartezina da ETSren eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailaren gobernantza-eredua, baina, horrez gain, zalantzan dago
ETSren egungo kudeatzaileen gaitasun operatiboa bera ere.

Gogoratu behar da, halaber, Construcciones Mariezcurrena metroaren aurreko fasea egiten ari zen ABEEko kidea dela, Easo-Mirakontxa zatiaren kudeaketa txarrean inplikatua. ETSk, hau da, Eusko Jaurlaritzak, bere gain hartu zuen lehen lizitazioa bertan behera uzteko erantzukizuna, obren planifikazio txarra onartuz eta enpresa pribatuari kalte-ordaina emanez.

Orain, enpresa bera agertu da AHTren obretan, eta beste istripu bat izan du berriz ere. Ez da ulertzen zergatik administrazio publikoak ez duen egiten obra publiko handietan kontrol estuagorik. Ondorioak begi-bistakoak dira.
Donostiako alkateak, berriz, gaur goizean esan du “ez dakiela ezer” gertatutakoaz. Beste gai batzuetan ez bezala, gure hirian egiten ari diren obra publikoen langileen osasunak ez du alkatearen arreta publikorik merezi.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk premiazko interpelazio bat erregistratuko du, datorren osteguneko plenoan alkateak donostiarrei behar diren azalpen guztiak emateko.