Prentsa oharra

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapekoak diren Martuteneko 27 Poligonoa eta Astigarraga lotzeko errepide berria egiteko lanak lehengo astean hasi ziren, eta inguruan gelditzen zaizkigun harizti bakarrenetakoa suntsitzea izan da obra horien lehenengo emaitzetako bat. 80 urte inguruko haritz handiak moztu dituzte eta haiekin bestelako hainbat zuhaitz-espezie (gereziondoak, zumarrak, lizarrak…). Gainera, udaberrian bete-betean ekin diote proiektuari, animali gehienak ugaltzen diren garaian.

Larrialdi klimatikoa deklaratzen da, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak bide beretik jarraitzen du, autoen erabilera sustatuz eta eremu naturalen kaltetan doazen errepide-diseinuen alde eginez. Larunbatean, maiatzaren 22an mundu mailan Biodibertsitatearen Eguna ospatu da, eta badirudi Aldundia ez datorrela bat ospakizunarekin. Ez al da behar-beharrezkoa gelditzen zaigun aniztasun biologikoa gordetzea eta haren egoera hobetzen saiatzea? Zentzu horretan, kezkagarria iruditzen zaigu Gipuzkoako Foru Aldundikak testu honetan salatzen duguna eragotzi ez izana, Gipuzkoako
biodibertsitatea babestea haren erantzunkizuna izanik.

Oso balio handiko haritzak zeuden, ordezkaezinak eta biotopo hartan oso bizitza aberatsa zegoen, mehatxaturiko fauna espezieak barne (muxar grisa eta okil txikia). Alternatibarik ez al zegoen hura salbatzeko? Zergatik burutu gainera kalte gehien sortzen den unean, ugalaldian? Bestalde, aspalditik Donostiako gerriko berdea aldarrikatzen ari gara eta horretan Antondegiren garrantzia azpimarratu dugu behin eta berriz. Errepide berria kontrako norabidean doa, Lau Haizeta eta Antondegiren arteko lotura naturala zailduz, eta Donostiako gerriko berdea narriatuz.

Triskantza eginda dago, baina oraindik txertatu litezke fauna pasabideak errepide berrian Antondegi eta Lau Haizetaren arteko komunikazioaren arazoa leuntzeko. Proposamena Aldundiak du duela aste batzuk eta haien esku dago proiektuaren beste akats larri bat zuzentzea.

Azkenik, testu honetan salatzen dugunak agerian uzten du Donostiako gerriko berdea babesteko edota sendotzeko neurriak hartu beharrean gaudela. Azkeneko urteotan gero eta gehiago dira Donostiako gerriko berdearen integraltasuna eta kalitatea arriskuan jartzen ari diren proiektuak, eta Administrazioak horiek geldiarazi beharrean sustatu egiten ditu. Izan gaitezen larrialdi klimatikoaren deklarazioarekiko kontsekuenteak eta babes dezagun Donostiako gerriko berdea.