Prentsa oharra

Donostiako eta Pasaiako EH Bilduko zinegotziek lore-eskaintza egin dute gaur, maiatzak 27, goizeko lehen orduan, Ategorrietako sarraskiaren 90. urteurrena oroitzeko. Egun honetan, portuko zazpi langile hil zituen Guardia Zibilak, Ategorrietako erlojuaren parean, Donostiako erdigunera manifestazioan zihoazela, lan-baldintza penagarriengatik protesta egiteko.

EH Bilduk eskaera garaiz egin zuen arren, gaur, sarraskiaren 90. urteurrena betetzen den egunean, aitortza instituzionalerako ekimenik ez egitea erabaki du Donostiako Udal Gobernuak.

Aitzitik, aste hauetan egiaztatu ahal izan dugu EH Bilduren proposamen honek harrera oso ona izan duela donostiarren artean. Pertsona askok aitortu dute ez zutela gertaera dramatiko horren berririk, nahiz eta Euskal Herrian egindako langileen sarraski handienetako bat izan. Bereziki hunkigarria izan da sarraskiaren biktimetako baten senitartekoek EH Bilduk urteurrenaren inguruan antolatutako hitzaldi batean parte hartu izana. Biktima hark oso denbora gutxi zeraman Euskal Herrian, Galiziatik etorri zen Pasaiako portuan lan egitera, eta iritsi bezain laster, bere lankideen aldarrikapenekin bat egin zuen. Bere konpromisoak heriotzarekin ordaindu zuen, baina haren familia, milaka eta milaka pertsona migratzaile bezala, hemen geratu zen bizitzera eta lan egitera. Gaurko ekitaldi xume honek balio dezala, halaber, euren herrialdea utzi behar izan zutenen eta, 1931ko maiatzaren 27an bezala, gaurko Euskal Herria eraikitzen lagundu zuten guztien oroimena aldarrikatzeko.

Baina euskal langileen borrokak ez ziren hasi, ezta amaitu ere, 1931eko udaberri itxaropentsu hartan. Gure historian zehar, borroka sindikal eta sozialak ugariak izan dira. Greba, manifestazio eta pikete horiek gabe, ezin izango genuke gaur egungo gizarte-babesaren eta lan-eskubideen mailaz hitz egin.

Gure hiriaren historiaren zati bat da hori guztia. Baina jakin badakigu Ategorrietako sarraskia eta, orokorrean, langile mugimenduaren borroka, hiri honen kontakizunetik baztertu nahi dela sektore zehatz batzuen aldetik. Sektore horiek dira, hain zuzen, hiri zentralista eta elitistaren ereduaren defendatzaile nagusiak. Horien arabera, Donostiako aberastasun-iturri nagusia estatus altuko turismo-eredua eta espekulazio urbanistikoa izan dira, eta dira. Aitzitik, langile borrokak izan dira – eta dira oraindik ere – Donostiako hiri nortasunaren ezaugarri nagusietako bat, eta Donostian, Gipuzkoan eta Euskal Herrian dugun bizimodua lortu izanaren arrazoi nagusietakoa.

Ez zen kausalitatea izan, halaber, duela 90 urteko langile-borroka haiek hiriaren ekialdetik ateratzea. Portuaren inguru guztia, Pasaiaren kasuan, eta Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta, Donostiaren kasuan, errenta baxuenekoak izan dira historikoki, askoz langabezia handiagoarekin eta prestakuntza txikiagorekin, Donostiako gainerako auzoekin alderatua. Zentzu horretan, Donostiako EH Bilduren helburu nagusietakoa da hiriko ekialdearekin duen zor historikoa kitatzea. Horretarako, dauden desorekak agerian uzteko eta auzoen arteko desberdinkeriekin amaitzeko, lan ildo iraunkor bat jarri dugu abian. Ekimen instituzionalez gain, eta gure ordezkariek Ekialdeko Barrutiko Batzordean egiten duten lan handiaz gain, aldarrikapen horiek kalera eramango ditugu igande honetan, maiatzaren 30ean, Herri Martxa bat eginez Herreratik Udaletxeraino. Mobilizazio honetan, Ategorrieta erlojuaren parean pasatzerakoan, berriro egingo diegu omenaldi xume bat 1931ko maiatzaren 27an etorkizun hobea lortzearren bere bizitza utzi zuten zazpi pertsonei.