Prentsa oharra

Donostian, Errenterian, Astigarragan, Irunen… Kaskabeltz eta amilotx gehienak apirilaren hasieran kutxen barrura goroldioa eramaten hasi ziren. Lan mordoa egiten dute. Goroldio geruza batzuk 5 cm-koak dira, beste batzuk 20 cm-koak. Hauen gainazalean, artile naturalez forratzen duten esfera erdi bat osatzen dute. Ikuskapenak egiteko kutxa irekitzean, 2 kolore nagusitzen dira; goroldioaren berdea gainazal bertikal osoan, eta landare-artilearen zuria goiko gainazal horizontalean.

Errunaldia 5-7 arrautza zuri orban gorridunez osatuta egon ohi da. Arrautza bat goizero. Azken arrautza errutean eta kumeak aldi berean jaio daitezen txitatzeari ekiten diote. 13 egun beren 13 gauekin beroa ematen. Harrigarria da errunaldien ehuneko handi batean arrautza bat hutsa izatea (ernaldu gabea) eta energia iturri galdua izatea. Jaiotzen direnean, ez dituzte begiak garatu eta begi-globulu nabarmenak eta lodiak dituzte. Hazkuntza oso azkarra da; izan ere,
gurasoek intsektuez eta haien larbez elikatzen dituzte, proteinetan oso aberatsak direnak. 20 egunetan lumatu eta kanpora irteten dira. Gurasoekin beste aste bat bizimodua ateratzen ikasteko, eta independenteak dira. Bikote gutxi batzuek bigarren errunaldiari ekiten diote.

Ekainaren amaieran kumaldia bukatzen da. Orduan, habia-kutxek atseden hartzeko, lo egiteko edo hotzetik eta euritik babesteko beste erabilera bat hartzen dute. Baso soiltzeak, egurra lortzeko zuhaitz zuzenen landaketek (pinuak eta eukaliptoak) eta ehun urtetik gorako zuhaitzen desagertzeak hegazti askok habiak egiteko zulorik ez izatea
eragiten du. Kutxek, beraz, hegaztiei ziklo biologikoak osatzen laguntzen diete.

Hegazti intsektujaleek, armiarmekin batera, ekosistemen barruan bizi-funtzioa betetzen dute, eta osasunaren eta orekaren eragile gisa funtzionatzen dute. Batez ere ornogabeez elikatzen dira, horien artean intsektuak. Intsektu horietako batzuek (batzuk bakarrik) basoak eta laboreak kaltetzen dituzten izurriteak sortzen dituzte, eta hegazti mota horiek beren ekintza eta hedapena geldiarazten laguntzen dute.31 urte dira (1990 – 2021) bolondresok gure inguruan habia-kutxak eraikitzen, mantentzen, garbitzen eta datuak biltzen daramagun denbora. Denbora horretan, eta 2021eko
datuak kontuan hartu gabe kumatze aldia amaitu ez delako, 7200 ikuskapen egin dira, eta heriotzak kenduta, 2371 hegazti mundura atera dira.

Klikatu YouTuben habia-kutxa ikuskapena Parkea Bizirik edo https://youtu.be/xJFi2nHoMjs helbidea 55 segunduko bideoa Donostiako Ulia mendian kaskabeltz handien kumaldia ikusteko.


Jarrai dezagun Naturaren aldeko mezua lantzen eta zabaltzen.