Prentsa oharra

Uztailaren 1a izango da izena emateko azken eguna.

Donostia Zinemaldiak WIP Europa sailean izena emateko epea ireki du gaur. Work in progress honen helburua Europako zinemaren ekoizpena sustatzea eta postprodukzio fasean dauden filmak amaitzen laguntzea da.

Aurkeztutako film guztietatik sei aukeratuko ditu gehienez ere Donostia Zinemaldiko Hautaketa Batzordeak. Lanek 60 minututik gorako iraupena eta nagusiki Europako ekoiztetxeen partehartzea izan beharko dute. Kontuan hartuko da egilearen lehen edo bigarren lana izatea eta hizkuntza ez hegemonikoren batean filmatuta egotea. Izena emateko epea uztailaren 1ean amaituko da.

WIP Europa irailaren 20an, 21ean eta 22an izango da; WIP Latam eta X. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa ere egun horietan egingo dira.

2020. urtean pandemia garaian, Donostia Zinemaldiak 1.185 industria-akreditatu izan zituen (2019an 1749 izan ziren), eta horietatik 487k online akreditazio bat erabili zuten Zinemaldiaren webguneko Online Industriaren atalean sartzeko. Industria Sailaren eduki digitalak biltzen dituen gune hori aurten ere akreditatuen eskura egongo da.

Berrikuntza gisa, WIP Europa Industria Sariaren film irabazleak Cannesko zinema jaialdiko Marché du Filmean proiekzio bat izango du 2022. urtean, filmaren nazioarteko ibilbidea indartuz.

SARIAK

WIP Europa Industria Saria Ad Hoc, BTeam Pictures, Deluxe, Dolby, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido enpresek ematen dute. Saria aurkeztutako film baten postprodukzioan datza, barnean hartuta ingelesez azpititulatutako DCPa sortzea eta Espainian banatzea.