Prentsa oharra

Uztailaren 1a izango da izena emateko azken eguna.

Donostia Zinemaldiak WIP Latam sailean izena emateko epea ireki du gaur. Work in progress honen helburua Latinoamerikako zinemaren ekoizpena bultzatzea eta postprodukzio-fasean dauden filmak amaitzen laguntzea da.

Aurkeztutako film guztietatik gehienez sei aukeratuko ditu Donostia Zinemaldiko Hautaketa Batzordeak. Gutxienez 60 minutuko iraupena izan beharko dute, eta, nagusiki, Latinoamerikako herrialdeetako ekoiztetxeek ekoitzi behar dituzte. Izena emateko epea uztailaren 1ean amaituko da.

WIP Latam irailaren 20an, 21ean eta 22an izango da; WIP Europa eta X. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa ere egun horietan egingo dira.

2020. urtean pandemia garaian, Donostia Zinemaldiak 1.185 industria-akreditatu izan zituen (2019an 1.749 izan ziren), eta horietatik 487k online akreditazioa izan zuten Zinemaldiaren webguneko Online Industria atalean sartu ahal izateko. Atal horrek Industria Sailaren eduki digitalak biltzen ditu eta aurten ere akreditatuen eskura egongo da.

Aurten bi sari berri izango ditu WIP Latamek. Alde batetik, Paradiso Projeto Sariak, ikus-entzunezko alorrean Brasilgo talentuei babesa ematen dien Olga Rabinovich Institutuaren ekimen filantropikoak, 10.000 dolar estatubatuar emango dizkio nagusiki Brasilgo ekoiztetxeen partehartzea duen balizko ekoizpen bati. Bestetik, Industria Saria eta EGEDA Platino Industria Saria irabaziko dituzten lanek Cannesko zinema jaialdiko Marché du Filmean proiekzio bat egin ahalko dute 2022. urtean, filmaren nazioarteko ibilbidea indartuz.

SARIAK

WIP Latam Industria Saria. Ad Hoc, Deluxe, Dolby, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones, No Problem Sonido eta Sherlock Films enpresek postprodukziorako laguntzak emango dute. Saria aurkeztutako aurkeztutako film baten postprodukzioan datza, barnean hartuta ingelesez azpititulatutako DCPa sortzea eta Espainian banatzea.