Prentsa oharra

Aurten ere egin dugu Gladys Enean Gladys del Estali urtero egiten diogun omenaldia guardia zibil batek buruan tiro bat jota hil zuenetik, 1979an Tuteran egiten ari zen Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Egunaren jazarpen polizialaren testuinguruan. Dagoeneko 42 urte pasatu dira.

Gaurko ekitaldian, Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak antolatuta, aurreskua, loreak, lagunen testigantza hunkigarria eta, nola ez, kantak ere egon dira, jotak barne, jakina. Gladysen irudiari hain lotuta geratu diren bizikletak ere ugari izan dira. Izan ere, aldez aurretik Bulebarrean zitatuta zegoen kuadrilla polit bat bizikletaz etorri da omenaldira.

Ez dira falta izan, noski, zorigaiztoko egun hartan Gladys Tuterara eraman zuten arrazoien erreferentziak, arrazoi haiek ez baitaude alferrik inoiz baino presenteago gaur egungo borroka ekologista txiki eta handietan.

Gladysek ondo baino hobeto zekien zergatik egiten zuen borroka. Alde horretatik, gaur ahaldundutzat kontsideratuko genukeen emakumea izan zen. Honi dagokionez, ekitaldiko interbentzioetako bat Garazi Urrusolo Urdinlaiz Egiako mugimendu efeministako kideak egin du. Esan du, beste gauza askoren artean, feministentzat ere erreferente dela Gladys: “Gure aintzindaria izan zen Gladys, besteak beste, sistemaren aurrean desobediente izaten erakutsi digulako. Gure ametsengatik borrokatzeak merezi duela ikusarazi digulako. Eta, tematuz gero, mundua aldatzea posible dela sinestarazi digulako”.

42 urte beranduago, aitortza ofizialik ez

Gladys da aitortza ofizialik gabe jarraitzen duten biktimetako bat. Orain dela gutxi Gasteizen hots handiarekin inauguratu duten memorialean ez dago ordezkatuta, noski. Azken urteotan bai Eusko Jaurlaritzak bai Nafarroako Gobernuak aitortza-bidean egin dituzten urratsek erresistentzia handiak topatu dituzte. Alde horretatik, gogora dezagun orain dela bizpahiru aste Iruñekoak beste oztopo bat gainditu duela: Konstituzionalak atzera bota du polizien eta ultraeskuindarren biktimak aitortzeko nafar legearen kontra PPk eta VOXek ezarritako helegitea. Nolanahi ere, bide horietatik aitortza inoiz iristen bada, ongi etorria izango da, baina iritsi ala ez, Gladysek inoiz ez du herritarron aitortza falta izango. Horren lekuko ere bada gaurko omenaldia.