Prentsa oharra

Egunotan Donostian whisky marka ezagun bat etxearen iragarki bat filmatzen ari dira Tony Kaye zuzendari prestigio handikoaren zuzendaritzapean. Iragarkiak nazioarteko proiekzioa izango du, telebistan eta gizarte-sareetan emitituko baita. Errodajeak San Sebastian Gipuzkoa Film Commission zerbitzuaren lankidetza du eta hiriko gune ezberdinetan ari dira burutzen, besteak beste, Kontxako hondartzan eta Alde Zaharrean, ehun estra baino gehiago parte hartzen ari direlarik. Urte honetan zehar ekoizpen garrantzitsuak errodatu dira Gipuzkoako lurraldean, esate baterako, Iciar Bollainen ‘Maixabel’ filma edo Netflix kateko ‘Bienvenidos al Edén’ eta Amazon kateko ‘El Internado-Las cumbres’ serieak. Azken horren errodajea ez da oraindik amaitu.


Ekonomia Sustapeneko zinegotziak, Marisol Garmendiak, nabarmendu zuenez “Donostiak filmen errodaje adierazgarriak hartzeaz gain, erakargarria da inpaktu ekonomikoari begira oso errentagarriak izaten diren publizitate-iragarkiak filmatzeko: talde handiak erakartzen dituzte, tokiko enpresen zerbitzuak erabiltzen dituzten eta estra kopuru handia mobilizatzen dute. Kasu honetan Gipuzkoan 325.000 euroko inbertsio estimatua kalkulatzen da. Gainera, hirian film baten errodajeak sorrarazten dituenak baino eragozpen gutxiago eragiten dituzte”.

‘Hay ganas’ da errodajea burutzeko Donostiako hiria hautatu duen whisky etxearen spotaren izena. Iragarki horrekin normaltasunera itzultzeko dauden gogoak eta horren ospakizuna islatu nahi dira. Ekainaren 7, 8 eta 9an eszena ugari filmatzen ari dira Konstituzio Plazan eta Kontxako Hondartzan Tony Kayeren zuzendaritzapean. Aipatu zuzendariak hainbat bideoklip egin ditu, zeintzuei esker sei aldiz Grammy sarietarako izendatua izan eta horietako bat erdietsi baitu.

Era berean, 90eko hamarkadan prestigio handia eskuratu zuen ‘American History X’ izeneko bere lehendabiziko lan zinematografikoagatik. Errodajeaz Lobo Kane ekoiztetxea arduratu da, oihartzun handia izan duten iragarkietan parte hartu izan duena, esate baterako, Loteria Nazionalaren iragarkian. Errodaje honetan San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission zerbitzuaren lankidetza izan dute, lurzoru publikoa erabiltzeko baimenak kudeatu eta izapidetzeko

2021 . urtea oso oparoa izaten ari da ikus-entzunezko ekoizpenen erakarpenari dagokionez Donostian eta Gipuzkoan. Lurraldeko udalerri ezberdinetan oraindik Amazon katearen ‘El Internado-Las cumbres’ seriearen bigarren denboraldia errodatzen ari dira. Lehendabiziko denboraldia, hura ere Gipuzkoan grabatua, joan den otsailaren 19an estreinatu zen Amazon Prime Vídeo plataforman. The Mediapro Studio eta Atresmedia Studios (BUENDÍA ESTUDIOS) estudioen ekoizpen bat da. Hartako ekoizleek Asier Anduezak eratutako gidoilari-taldea zuzendu zuten.

Bigarren denboraldiaren errodajerako San Sebastian Gipuzkoa Film Commission zerbitzuak bere lankidetza eskaini du baimenak topatu eta izapidetzeko lanetan. Datorren irailaren 24an San Sebastian Gipuzkoa Film Commission zerbitzuaren lankidetzarekin errodatu den ikus-entzunezko beste lan bat estreinatuko da zinema-aretoetan, Iciar Bollainek zuzendutako ‘Maixabel’ filma. film luzea egiazko gertakizunetan dago oinarritua. Bertan Maixabel Lasaren istorioa kontatzen da, ETA erakundeak eraildako Juan Maria Jauregi euskal politikariaren alarguna. Blanca Portillo eta Luis Tosar aktoreak dira protagonistak eta orain muntaketa-fasean dago udalerri ezberdinetan (besteak beste, Tolosa, Zarautz, Errenteria, Donostia edo Irun) egindako errodajea amaitu ostean.

San Sebastian Gipuzkoa Film Commission zerbitzuak, era berean, ‘Bienvenidos al edén’, seriean kolaboratu du. Netflix katearen zortzi kapituluko gazteen thriller horren aktore-zerrendan, besteak beste, Amaia Aberasturi, Amaia Salamanca, Ana Wagener edo Guillermo Pfening ageri dira. Eszenak portuan, Kontxako hondartzan, Alde Zaharrean eta Miramar Jauregian errodatu ziren. Alejandro Amenabarrek zuzendutako ‘La Fortuna’ seriearen errodajeak apirilaren amaieran
Pasaia, Lazkao edo Azkoitiari agur esaten zien bitartean, ‘Sin límites’ miniseriearen eszenarioek horien txanda hartu zuten, Simon West errealizatzailearen gidaritzapean. Miniserie horretan Elkanok munduari egindako bira nola mamitu eta garatu zen kontatzen da. Gipuzkoako lurraldean errodajeek ez dute etenik izan pandemiak derrigortutako konfinamendua amaitu zenetik.

Ikus-entzunezko proiektuetarako San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission zerbitzuak Gipuzkoako lurraldeko garapen agentziekin batera lan egin du, baimenak topatu eta izapidetzeko elkarlana garatuz. San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission, Donostia Sustapenaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren bidezko Ekonomia Sustatzeko Zinegotzigoaren baitako bulego atxikia, zinematografiaren sektorea eta tokiko ikus-entzunezko sektorea sustatu eta bultzatzeko Donostia Sustapenaren zerbitzu bat da, Donostian eta haren inguruan ikus-entzunezko
errodajeak nahiz argazki-saioak ahalbidetuz.