Prentsa oharra

Gazteei atzerrira joaten eta itzultzen laguntzea da helburua, kualifikazio profesional hobea lor dezaten.

Donostiako Ekonomia Bultzatzeko zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bidez, Global Training nazioarteko mugikortasunerako beka-sorta berria aurkeztu du aurten ere (75), Garapen Garapen Agentzien Euskal Elkartearekin batera. Eusko Jaurlaritzak, Basque Trade Investment eta SPRIk bultzatutako programa honek mekanismo indartsu bat jartzen du merkatuan unibertsitateko eta goi-mailako lanbide-heziketako titulazioa duten gure gazteen eskura, atzerriko enpresetan eta organismoetan ordaindutako praktikak egin ahal izateko, haien profil akademikoarekin eta profesionalarekin lotutako jardueretan eta proiektuetan, gutxienez sei hilabeteko epean. Eskabideak aurkezteko epea 2021eko ekainaren 14tik uztailaren 15era bitartekoa da.

Marisol Garmendia Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak adierazi zuenez, “Aukera bikaina da gure talentu gazteek atzerrian prestakuntza jaso dezaten, besteak beste, Harvard Medical School, Massachusetts Institute of Technology (MIT), Oxford University, Bimingham eta Bristolgo udalak, edo Tecnalia bezalako erakundeetan. Mundu globalizatuak etorkizuneko sektoreetako pertsonak beharko ditu, beste ingurune multikultural batzuetan lan giteko gaitasuna dutenak, beste hizkuntza batzuetan, lan-metodo berriekin, aldaketara egokitzeko gaitasunarekin, proaktibitatearekin, enpatiarekin eta sormenarekin. Gure gazte guztiei aukera ematea da helburua, eta, horregatik, hainbat diziplinatarako bekak daude: ingeniaritzarako, hezkuntzarako, komunikaziorako, enpresarako edo ekintzailetzarako. Donostiaren
etorkizuneko erronka handienetako bat da gazteak nazioartekotzea eta haien itzulera sustatzea, hiriko produkzio-ingurunean parte har dezaten, lan-aukeren eskaintzaren bidez, Donostiako enpresa eta zentro teknologikoekin lankidetzan”.

Beka horietan izena eman eta bekak eskuratu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dituzte interesdunek:
• Goi-graduko unibertsitate-titulu bat edo goi-graduko lanbide-heziketako titulu bat izatea.
• 2021eko urtarrilaren 1ean 31 urte beteak ez izatea.
• Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea, gutxienez azken 12 hilabeteetan.
• Atzerrian praktikak egiteko 6 hilabeteko edo gehiagoko egonaldiak eskaintzen dituen beste bekarik lortu ez izana.
• Ingeles maila altua izatea (B2, unibertsitateko irakaskuntza ofizialen gradu-mailako titulazioen kasuan eta B1 goi-graduko lanbide-heziketaren kasuan.
Titulazio hori ez dutenek ingeles-azterketa bat gainditu beharko dute).
• Praktikak egin nahi dituzten enpresak edo organismoak eskatutako profilera egokitzea.

Telematikoki izena emateko epea 2021eko ekainaren 14tik uztailaren 15era bitartekoa izango da. 2021eko azaro eta abendu artean irtengo dira gazteak dagozkien lekuetara.

Hautagai bakoitzeko eskaera bat egin ahal izango da. Hala eta guztiz ere, hautaketaprozesuan, beka guztietarako hartuko dira kontuan aurkeztutako hautagaitzak, eta zer profiletara egokitu daitezkeen aztertuko da. Webgune honetan formalizatu behar dira eskaerak: https://ayudas.fomentosansebastian.eus/es/ayudas/496-becasglobal-training-2021-2022 2021an ere, gazteak atzerrira joan eta itzul daitezen bultzatzen jarraitzen du Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostiako Sustapenaren bitartez, gazte horien kualifikazio profesionala eta garapen pertsonala hobetu asmoz. 2012az geroztik, 500 gazte inguruk beren proiektu profesionalak eraman ahal izan dituzte aurrera, besteak beste, Australian, Erresuma Batuan, Bolivian, Mexikon, Alemanian eta Frantzian.