Prentsa oharra

Joan den abenduan AUZO ASANBLADA batean Egia 22ko maizterrek beren egoera eta auzoan geratzeko borondatea jakinarazi zutenetik, elkarrekiko elkartasun eta laguntza sarea hazi baino ez da egin. Horren adibide ditugu, esaterako, auzoko hogei kolektibo baino gehiagok sinatutako AUZO AKORDIOA, edota joan den apirilaren 30ean erantzun masiboa izan zuen mobilizazioa, dozenaka kolektibo sozialek eta sindikatuk lagunduta.

Auzotarren aktibazioaren eta elkarrizketa kolektiboaren ondorioz, azpimarratu nahi dugu udal-talde politikoengandik jasotako babesa eta gobernu-taldearekin lortutako akordioa; bai maizterren eta SAREBen arteko bitartekaritzari dagokionez, bai eta SAREBi helarazi beharreko proposamenaren edukiei dagokienez.

Gaur egun, 4 familia dira egoera honek kaltetutakoak. Horietako bat, 87 urteko emakume bat, kontratutik kanpo dago duela hilabete batzuetatik. Gainerakoei dagokienez, lehenengo familiari irailaren bukaeran amaituko zaio kontratua (bi seme-alaba adingabe dituzte euren ardurapean), eta gainerakoei otsailean.

Bitartean, putre funtsaren kudeatzaileak deika jarraitzen du; maizterrek kontratuak amaituta, etxetik joatea beste aukerarik izango ez dutela azpimarratzeko, edota, putreen eskariei men ezinez gero, prezioak merkatuak eta hiriak eskatzen dutenera egokitzea: alokairuak % 30 baino gehiago igotzea edo neurriz kanpoko
prezioetan erostea.

Bi hilabete pasa dira dagoeneko, Nekane Arzallus zinegotziak batzordean iragarri bezala, hiriko alkateak SAREBi gutuna bidali zionetik. Bertan, gobernu-taldeak eta Egia 22ko maizterren zein Egiako Etxebizitza Asanbladaren ordezkariek apirilaren 14an egindako bileran adostutako proposamenaren berri eman zuen. Gaur egun, ordea, ez dugu bitartekaritza horren egoerari buruzko inolako berririk.

Dei, mezu edo bilera-deialdi bakar bat ere ez: isilik mantendu dira ekainaren 10ean, adostutako bideetatik, bidalitako mezuaren aurrean, eta baita Eneko Goia jaunari informazio edo/eta bilera eske, ekainaren 14ean udal bulegoetan erregistratu genuen eskaeraren aurrean ere.

Hilabeteak igaro ahala, areagotzen ari da maizterren ziurgabetasun egoera eta kezka, gatazka konpontzeko egindako proposamenei erantzunik ematen ez zaielako. Egoera larriagotu egiten da, esaterako, José eta Kororena bezalako kasuetan. Bi adingabe dituzte haien ardurapean, eta kontratua irailean amaituko zaie, ikasturtea hastearekin batera.

Hori dela eta, zenbait neurri iragarri nahi ditugu bitartekaritza bultzatzeko eta egoera desblokeatuko duen akordio bat lortzeko:


• Batetik, udalean ordezkaritza duten talde politikoekin datozen hilabeteetan bilerak egiteko asmoa dugu, ekimen instituzionalak aurkezteko: SAREBekin egindako bitartekaritzaren inguruko azalpenak eskatu, udalbatzaren babesa eta
proposatutako irtenbideak maizterrei helarazi, eta SAREBi akordioren bidea har dezan eskatzeko.
• Bestetik, Egia 22ko maizterrei irtenbidea emateko, beste bide bat ere ireki dela iragarri nahi dugu, SAREB plana ekimenetik antolatutako negoziazio kolektiboaren baitan. Ekimen hori, estatu mailan guztiontzako etxebizitza duina defendatzen duten dozenaka kolektibok abiarazi dute, eta SAREBek kaltetutakoen ehundaka kasu biltzen ditu, baita Egia 22koa ere. Ekimen honen hainbat ordezkari SAREBen ordezkaritza batekin bilduko dira datorren ekainaren 29an Madrilen.

Argi dugu, auzotar guztien bizi-baldintza duinen defentsan, gako erabakigarri eta nagusiak bizilagunen arteko babesa eta elkartasuna direla. Horregatik, sare horien aktibazioan eta hedapenean sakontzeko apustu garbia egin nahi dugu.

Helburu hori kontuan hartuta, hausnarketa kolektibo bat abiarazteko asmoa dugu, lehen urrats batean, Egia 22 Etxebizitza Asanbladatik bultzatuko ditugun jardunaldietan gauzatuko dena. Laster emango dugu honen berri.