Prentsa oharra

Edizio honetatik aurrera, programak egoitza kopurua bostetik seira handituko du

Izena emateko epea irailaren 1era arte dago zabalik.

Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen dute egonaldirako eta ikus-entzunezko proiektuak garatzeko Ikusmira Berriak programa, eta, gaurtik aurrera, abian da zortzigarren deialdia. Edizio honetatik aurrera, egoitza kopurua bostetik seira handituko du Ikusmira Berriak programak. Neurria hiru erakundeek datozen edizioetarako diseinatzen ari diren hazkunde planaren barruan dago.

Irailaren 1era arteko epea egongo da Euskadiko, Espainiako eta beste herrialde batzuetako zinema-proiektuak, Nest sailean parte hartutakoak eta EQZEko ikasleenak aurkezteko.

Izen-ematea online egin behar da, eta interesdunek sinopsia, tratamendua, asmo-gutuna eta biofilmografia dituen dosierra aurkeztu behar dute. Azaroan jakinaraziko dira bost kategoriatan hautatu diren lanak.

Zortzi asteko egonaldia bitan banatuko da: sei aste 2022ko martxoan eta apirilean proiektua Donostiako Tabakalera zentroan martxan jartzeko, eta beste bi asteak Zinemaldian bertan, zuzendariek beraien proiektua, ordurako garatu samar izango dutena, zinema-industriako ordezkarien aurrean aurkezteko.

Maiatzetik irailera bitarte, zinemagileek beren proiektuetan lanean jarraituko dute, industriako adituen batzordearen aldetik online tutoretza jasotzen duten bitartean.

Gainera, hautatuko lan bakoitzak 5.000 euroko garapenerako laguntza jasoko du ekainean, zinemagileek egoitzako bi faseen artean lan egiten jarraitu ahal izateko. Azkenik, Irusoin ekoiztetxeak Irusoin Postprodukzio Saria emango dio hautatuko proiektuetako bati. Hain zuzen, saria postprodukzio-lana egitea izango da: soinua, kolorea, grafismoa eta DCP masterra.