Prentsa oharra

2021eko abenduan egitasmoaren berri eman zenetik eta Udal Gobernuak Antondegiko muinoan Surf- park bat egiteko baimena emateko prest zegoela iragarri zuenetik, eztabaida interesgarria sortu da hirian, eta esan behar da, gaur gaurkoz, herritar gehienak proiektuaren aurka agertu direla. Talde ekologisten eta surflarien artean eztabaida biziagoa izan den arren, pertsona eta erakunde askok eman dute proiektuari buruzko iritzia, eta gehienek kritikatu egin dute naturagune horren artifizializazioa.

Une honetan, prozesua tramitazioaren aurreko faseetan dago, eta oraindik ez du Udalbatzaren oniritzirik. Zehazki, horrelako parke tematiko bat Antondegin kokatu ahal izateko, beharrezkoa da Plan Orokorra aldatzeko prozedura hastea. Prozesu luze horretan, gutxienez, bi osoko bilkuretan EAJ eta PSEko zinegotziek aldeko botoa eman beharko dute proiektua gauzatu ahal izateko.

Beraz, eztabaida sozialerako garaia da Donostian, eta zentzu horretan, datozen asteetan, EH Bilduk kanpaina bat martxan jarriko du gure gogoetak eta kezkak donostiarrekin partekatzeko. “Surf Park Antondegin? Ez, eskerrik asko! Naturaguneen artifizializazioari stop” izango da kanpainaren leloa.

Hilabete hauetan, hainbat bilera egin ditugu inplikatutako eragile guztiekin: elkarte ekologistekin Donostiako surflariekin, artean, Surfrider-ekin (olatu artifizialen aurkako jarrera argia hartu duen Europako milaka surflari biltzen dituen fundazioa), bisita gidatua egin dugu eremuaren biodibertsitatea ezagutzeko, plataformarekin elkartu gara, martxoan Wavegardenek Aizarnazabalen duen instalazioan egon ginen, Aizarnazabalgo Udaletxean eta Batzar Nagusietan ere izan gara, eta beste hainbat bilera egin ditugu.

Klima aldaketak izan behar du gure garapen ereduak birpentsatzeko aukera, baliabide naturalen erabilerak xumeagoak izan daitezen, baita gure inguruko ekosistemekin dugun harremana berriz ere pentsatzeko. Hain zuzen ere, horretarako deklaratu ditugu Klima Larrialdiak. Eta horrek, Donostiako adierazpenak jasotzen duen bezala, hiri-ereduaren inguruko gogoeta sakona egin eta berau berregokitzea exijitzen du.

Horrelako proiektu batek ingurumenean duen eraginari buruzko eztabaida, era berean, Covid-19k eragindako krisi-testuinguruarekin ematen ari da. Izan ere, uste dugu osasun krisia areagotu eta sakondu duen krisi ekonomikoak orain arteko lehentasunak berrantolatzera eraman behar gaituela. Eta lurren artifizializazioa horren adibide garbia da.