Prentsa oharra

  • Ados daude euskal lankidetza eguneratu eta testuinguru berrietara egokitu behar dela, baina ezin dira ahaztu euskal GGKE-ek sustatutako esperientzia solidarioz eta arrakastaz betetako 30 urte baino gehiago hauek.
  • GGKE-ek proposamenak egin dizkiote alderdi politikoei eta Eusko Jaurlaritzari, lege berri horren inguruko hausnarketan eta eztabaidan laguntzeko, Euskadik mundu justu eta solidarioago bat osatzen laguntzen eta giza eskubideak defendatzen jarrai dezan.
  • Uztailaren 6an, Eraldaketarako lankidetza jardunaldiak lankidetza berri horren gakoak zerrendatuko ditu eta etorkizuneko nazioarteko solidaritatearen inguruko alderdi politikoen jarrerak ezagutzera emango dira.

Eusko Jaurlaritzak garapenerako lankidetzaren euskal lege berria onesteko izapideei ekin die. Egun indarrean dagoena Eusko Legebiltzarrean onetsi zen 2007an eta ondoren onetsi diren hainbat araudiren aitzindaria izan zen. Ondorengo lege horiek euskal administrazioen lankidetza-politika definitu, osatu eta sustatu dute.

“Badakigu gaur egun euskal lankidetzak dituen erronkak ez direla 2007an zituen berdinak; beraz, uste dugu aurrera egin duten gai eta ikuspuntuak daudela, eta positiboa dela horiek eguneratu edo sartzea. Nolanahi ere, aldatu nahi diren gai nagusiak ez ditu zalantzan jarri ez Legebiltzarraren zati handi batek ez Garapenerako GKE-en (GGKE) sektoreak ere. Horrenbestez, lege berrian dauden moduan jaso beharko dira”, adierazi du Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak. Hori garapenerako lankidetzan lan egiten duten 81 euskal erakundek osatzen dute. Horrez gain, gogorarazi dute ez dela eguneratu behar den legearen ebaluaziorik egin; izan ere, legeak “Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio lankidetzarako duen aurrekontuaren % 0,7 bideratzeko, baina hori sistematikoki hautsi da indarrean daramatzan 14 urteetan zehar”.

Adierazi dutenez, eguneratze-prozesu horretan parte hartzen duten eragileen artean desberdintasunak edo ñabardurak egon arren, guztien abiapuntua adostasuna da, eta hainbeste bizitza eraldatzen dituzten garapenerako lankidetza-politikak hobetu eta sendotu nahi izatea. “Lankidetzarako euskal politikak, erakundeen eta GGKE-en arteko akordioaren emaitza direnak, herritarrek pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borrokarekiko duten sentsibilizazioaren eta elkartasunaren isla dira, eta nazioarteko erreferente izan dira hamarkadetan. Abangoardian jarraitu behar dugu”, ohartarazi dute.

Horregatik, GGKE-ek honakoa adierazi dute: “lehen lege hura bultzatu genuenok, gure ikuspuntua, ezagutza eta esperientzia eman nahi diogu politika publiko honen etorkizunari, eta, horrela, GGKE-ek eta, ondorioz, gizarte zibilak eta haren balioek adostutako eta lagundutako ekimena izan dadin lagundu”.

Kolektibo hori lan handia egiten ari da Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin, Euskal lankidetza-legearen aldaketa proposamenaren inguruko hausnarketak dokumentua ezagutarazteko. Lan horrek etorkizuneko lankidetzari eta GGKE-ek politika horretan duten eginkizunari buruzko gogoetak jasotzen ditu, horiek ezartzen baitute, neurri handi batean, lankidetza. Eusko Jaurlaritzarekin ere gauza bera egiten ari da, hortik sortu baita legea aldatzeko ekimena.