Prentsa oharra

Hautatutako filmetako bost egileen lehen edo bigarren lanak dira.

WIP Europa irailaren 20an, 21ean eta 22an izango da.

Espainiako, Georgiako, Moldaviako Errepublikako, Errusiako, Turkiako eta Ukrainako sei ekoizpenek osatzen dute WIP Europa, Donostia Zinemaldiaren ekimena, postprodukzio-fasean egonik nagusiki Europakoak diren ekoizpenei zuzendua, irailaren 20an, 21ean eta 22an egingo dena.

Hauek dira profesionalen audientzia baten aurrean aurkeztu eta WIP Europa Industria Saria eta WIP Europa Saria eskuratzeko aukera izango duten sei filmak: Misión a Marte / Mission to Mars, Amat Vallmajor del Pozorena; Didi Shesveneba / A Long Break, Davit Pirtskhalavarena; CARBON, Ion Borșena; Nina, Oksana Bychkovarena; Zamanımızın Bir Kahramanı / A Hero of Our Time, Mirac Atabeyrena; eta Ya, Nina / Lucky Girl, Marysia Nikitukena.

WIP Europa irailaren 20an, 21ean eta 22an izango da, WIP Latam eta Europa-Latinoamerika X. Koprodukzio Foroarekin batera. Zinemaldiaren bideotekan (CinandoVL) egongo dira ikusgai film horiek, zinema-aretoan ematen direnetik irailaren 25era arte.

Misión a Marte / Mission to Mars euskal ekoizpena Amat Vallmajor del Pozo kataluniarraren lehen lana da; Elías Querejeta Zine Eskolan sorkuntzako graduondokoa egin zuen Vallmajor del Pozok. Euskal Herri postapokaliptiko batean girotutako film horretan bi anaia Martera joango dira misio batera, baina arrebarekin elkartuko dira lehenago.

Didi Shesveneba / A Long Break Davit Pirtskhalava georgiarraren lehen film luzea da; egileak Locarnoko zinema-jaialdian parte hartu zuen Sahsleli (2018) eta Mama (2015) film laburrekin (izan ere, Mamarekin Urrezko Pardino d’Oro irabazi zuen). Institutu bateko ikasle ohien bilera batean gertatutakoa kontatzen digu egileak; graduatu eta hamahiru urtera egingo den bilera haren antolatzaileak bere benetako asmoak ezkutuan gordetzen ditu.

CARBON ere egilearen lehen film luzea da, kasu honetan, Ion Borș moldaviarrarena; Transnistriako gerran 90eko hamarkadaren amaieran girotutako istorioa dugu, umore beltzez betea.

Oksana Bychkova zinemagile errusiarrak Rotterdameko, Shanghaiko, Sochiko eta Moskuko zinema-jaialdietan, besteak beste, parte hartu du aurreko filmekin, eta bere bosgarren film luzea aurkeztuko digu Donostian, Nina koprodukzioa (Errusia eta Georgia). Nina filmaren protagonista Nina da, emakume dirudun erakargarri bat, aspaldi maite zuen gizon batengana itzultzeko erabakiaren ondorioei aurre egin beharko diena.

Zamanımızın Bir Kahramanı / A Hero of Our Time Mirac Atabey zuzendari turkiarraren lehen lana da. Livadi / Yard (2018), etxerik gabekoei buruzko film laburren trilogiari buru ematen ziona, Rotterdamgo zinema-jaialdian estreinatu zen. Filmaren abiapuntua Mertek bere aita lurperatzeko asmoz Istanbuletik Anatoliako herrixka bateraino egingo duen bidaia da.

Azkenik, Marysia Nikituk zinemagile ukrainarrak zuzendutako Ya, Nina / Lucky Girl filma ere egongo da WIP Europan. When the Trees Fall lanak (2018) –Nikituken aurreko film luzeak– Berlingo zinema-jaialdiko Panorama sailean parte hartu zuen. Ya, Nina filmaren protagonista telebista-izar ezagun bat da, minbizia duela jakitean bere burua berrasmatu beharko duena.

WIP Europa lehiaketaren aurreko edizioko bi parte-hartzailek Kutxabank-New Directors Saria eskuratu ahalko dute: batetik, Inventura / Inventory, Darko Sinkorena; eta bestetik, Iki Şafak Arasında / Between Two Dawns, WIP Europa Industria Sariaren eta WIP Europa Sariaren irabazle Selman Nacarrena. Ekimen honetako parte-hartzaileen beste kasu arrakastatsu batzuei buruzko informazio gehiago esteka honetan.


SARIAK

WIP Europa Industria Saria Ad Hoc, BTeam Pictures, Deluxe, Dolby, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido enpresek ematen dute. Saria aurkeztutako film baten postprodukzioan datza, barnean hartuta ingelesez azpititulatutako DCPa sortzea eta Espainian banatzea.

WIP Europa Sariak 10.000 euro gordin emango dizkio WIP Europa Industria Sariaren film irabazlearen ekoizle nagusiari.

WIP Europa Industria Saria irabazten duen filma Cannesko zinema jaialdiko Marché du Filmean proiektatuko da 2022. urtean.