Prentsa oharra

Donostia Zinemaldian zinema-ikasleentzat egiten den film laburren nazioarteko Nest lehiaketaren XX. ediziorako hamalau film hautatu dira; guztira 310 film aurkeztu zituzten 42 herrialdetako 157 eskolak, eta hautaketa bat egin da horien artean. Hautatutako lanak Argentina, Brasil, Danimarka, Eslovakia, Espainia, Estatu Batuak, Erresuma Batua, Errumania, Frantzia, Kroazia, Suitza eta Txinakoak dira; horietako zazpiren zuzendariak emakumeak dira, eta beste zazpienak, berriz, gizonak.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatua, Nest sailaren xedea urteko zinema-ekitaldi nabarmenetako batean mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea da, oraineko eta etorkizuneko zinemagileak izaki. Film laburrak erakusteko eta sustatzeko leku bat izateaz gain, Nest sailak ikasleen, zinemagileen, industriako profesionalen eta ikus-entzuleen arteko topaketa bihurtzeko jomuga ere badu: zinemari buruz eztabaidatzeko ez ezik, zinema-prestakuntzaren arloaren eta profesionalen arteko topaketa errazteko ere Zinemaldiak gaitzen duen gunea.

Hala, haututako hamalau film laburrak Tabakalerako zinema-aretoan emango dira 20tik (astelehena) 22ra (asteazkena), eta, covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz iaz izan genituen oztopoak gaindituta, sailak zinemagileen eta zinema-industriako profesionalen eskola magistralak berreskuratuko ditu aurten. Halaber, Nesten hogeigarren urteurrena dela eta, lehiaketak programa berezi bat antolatuko du, eta datozen asteotan emango da programa horren berri.

Hirugarren urtez jarraian, Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) aurkeztutako film labur bat izango da ikusgai Nesten; Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen du EQZE, eta Zinemaldiak, Tabakalerak eta Euskadiko Filmategiak parte hartzen dute ekimenean. Podul de Piatrâ / Pont de Pedra da film labur horren izena, eta Artur-Pol Camprubík zuzendu du.

Epaimahaia zinema-esparruko pertsona ospetsu batek eta Nesteko hiru ikasle ohik osatuko dute. Film labur irabazlearen zuzendariak 10.000 euro jasoko ditu. Bi hamarkadotan, Nestek industria zinematografikoko talentu berrien hazitegi gisa funtzionatu du, eta gerora mundu profesionalean ibilbidea izan ohi duten zinema-ikasle ohiez osaturiko komunitate bat sortzen ari da urteak igaro ahala. Adibidez, Laura Wandel errealizadore belgikarrak, 2007an zinema-ikasleen nazioarteko topaketan parte hartu zuenak Zinemaldiaren baitan, bere lehen film luzea (Un monde / Playground) aurkeztu du Cannesko zinema-jaialdian. Nicolás Lasnibat zuzendari txiletarra, 2006an Treinta años film laburrarekin Panavision Saria eskuratu zuena, La Fémis eskolako ikasketa-zuzendari izendatu berri dute. Iaz, Alemanian jaio eta Espainian eta Holandan hazitako Isabel Lamberti zinemagileak –2015ean Nesteko Torino Award saria irabazi zuenak– Kutxabank-New Directors saria jaso zuen La última primavera bere lehen film luzeagatik.

Aurreko edizioetan bezalaxe, Tabakalerak Zinemaldiaren egunak aprobetxatuko ditu azken urteotan Nest sailean sariak jaso dituzten film laburrak proiektatzeko. Lanak irailaren 17tik 25era ikusi ahalko dira, Medialaben –hots, sormen-liburutegia eta teknologia eta kultura digitalerako laborategia leku berean biltzen dituen Tabakaleraren zerbitzuan– gaitutako pantaila batean. Sailean parte hartu duten film laburrak Medialaben digitalizatuta eta artxibatuta daude, eta eskuragarri daude liburutegiko erabiltzaileentzat, edonork kontsultatu ditzan.