Prentsa oharra

‘The Eyes of Tammy Faye’ eta ‘Enquête sur un scandale d’Etat / Undercover’ filmek osatuko dute Sail Ofizialeko lehiaketan bildutako filmen zerrenda.

Donostia Zinemaldiak Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko diren azken hiru filmak baieztatu ditu: Europako ekoizpen bat, Asiako beste bat eta AEBetako beste bat.

Zhang Yimouren Yi miao zhong / One Second filmak lehian inauguratuko du Donostia Zinemaldiaren 69. edizioa. Yimou, azken hamarkadotako zuzendari txinatar ospetsuenetako bat, estreinakoz lehiatuko da Sail Ofizialean. Zinemari egiten dion omenaldi berezia da bere film berria, eta Iraultza Kulturalaren erdian lan-esparru batetik ihes egin eta hainbat urtean ikusi gabeko alabaren irudi batzuen bila abiatuko den gizon bat du protagonista. Wei Fan eta Yi Zhang antzezleek egin dituzte filmeko pertsonaia nagusien rolak. Zuzendaria Donostia Zinemaldiko Epaimahai Ofizialaren buru izan zen 1997an, eta bere aurreko hainbat film Perlak sailean izan dira, hala nola Huozhe / To Live (1994), You hua hao hao shuo / Keep Cool (1997), Ying xiong / Hero (2003) eta Shi mian mai fu / The House of Flying Daggers (2004).

Michael ShowalterThe Big Sick (Perlak, 2017; gidoi onenaren Oscar sarirako izendatua) filmaren idazlea eta zuzendaria zinema-aretoetara itzuliko da The Eyes of Tammy Faye lanarekin. Telebistako ebanjelista estatubatuar ospetsu baten gorakada eta erorketa jasotzen ditu film berriak, eta Jessica Chastain (ekoizlea eta protagonista nagusia), Andrew Garfield eta Vincent D’Onofrio aktoreek hartu dute parte bertan.

Thierry de Peretti zuzendari, aktore eta gidoilariaren Les Apaches / Apaches (2013) eta A Violent Life (2017) filmak Cannesko Quinzaine des Réalisateurs eta Semaine de la Critique ataletan hautatu ziren, hurrenez hurren; oraingoan, narkotrafikoaren testuinguruan polizia-ustelkeriaren lekuko den antzinako espioi baten garaiko kazetaritza-ikerketa batean sakontzen du egileak Enquête sur un scandale d’EtatUndercover filmaren bidez. Roschdy Zem, Pio Marmade, Vincent Lindon eta Julie Moulier antzezleak daude aktore-zerrendan.

Hala, Peretti, Showalter eta Yimou Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko diren zinemagileen zerrendan sartu dira; hona hemen gainerakoak: Inés Barrionuevo, Iciar Bollaín, Laurent Cantet, Terence Davies, Alina Grigore, Lucile Hadzihalilovic, Zhang Ji, Fernando León de Aranoa, Tea Lindeburg, Claudia Llosa, Paco Plaza, Claire Simon eta Jonás Trueba.